Frantziak dio «posible» dela hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza

Frantsesa eta hizkuntza gutxitu bat «maila berean jakitea» bermatzea jarri du baldintza gisa Hezkuntza Ministerioak argitaraturiko zirkularrak.
Bartzelonan, milaka pertsona bildu dira murgiltze ereduaren alde eta irakastorduen %25 gaztelaniaz egitera behartuko dituen epaiaren aurka.
Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikastetxeen esku uzten du hizkuntza bakoitzari zenbat denbora eskaini, eta, dioenez, «posible» da «murgiltze metodoa» erabiltzea. Frantsesa eta hizkuntza gutxitua «maila berean jakitea» jarri du baldintza gisa, eta «ebaluazio osagarriak» eginen dituztela iragarri du. Baxoan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu du. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren kontra hartutako ebazpenari erantzuten dio dokumentuak, baina ez du konponduko erabakiak sortu duen ziurgabetasun juridikoa.
Zortzi orriko dokumentu bat da Frantziako Hezkuntza Ministerioak publikatu duena. Hirugarren atalean aipatzen du hizkuntza gutxituen irakaskuntza. Honela: «Murgiltzearen bidezko irakaskuntza ikasketa-estrategia aukera bat da irakaskuntza elebidunean». Aitzitik, zehazten du irakaskuntza elebidunaren helburua dela frantsesa eta hizkuntza gutxitua maila berean jakitea.
Zehazten du irakaskuntza elebidunaren helburua dela frantsesa eta hizkuntza gutxitua maila berean jakitea.
Dokumentuak azpimarratzen du murgiltze ereduak «baitezpada hautazkoa» izan behar duela ikaslearentzat, eta gurasoei dagokiela erabakitzea metodo hori proposatzen duen egitura batean ematea ala ez ematea haurraren izena. «Beharraren arabera» eta «proiektu pedagogikoaren barruan», haurraren «adierazpena eta ulermena sostengatzeko», frantsesera jo daitekeela zehazten du. Baina eransten du ikastetxeen eta ikasgelen proiektu pedagogikoari «egokituko» zaiola hizkuntza bakoitzari eskainiko zaion denbora.
Azterketei ere egin die aipamena zirkularrak. «Ibilbide elebidun hori segitu duten ikasleek baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte». Eragileen eskaera bat zen hori; besteak beste, Seaskarena. Zirkularrean ez da zehaztua zer ikasgai pasatzen ahalko dituzten euskaraz; Bordeleko errektoretzarekin negoziatu beharko du Seaskak.
«Ibilbide elebidun hori segitu duten ikasleek baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte».
Oreka joko batean oinarritzen da testua, murgiltze eredua elebitasunaren markoan kokatuz, Frantziako Konstituzio Kontseiluak finkatutako koadroan sar dadin. Frantziako Gobernuaren borondate politikoa erakusten du, eta epe laburrean oztopo administratiboak kentzeko balio lezake. Baina Damoklesen ezpata gainean dutela segitu beharko dute hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzan dihardutenek.
Inork Frantziako Estatu Kontseiluaren aitzinean auzitan jarriko balu, maiatzeko ebazpena kontuan hartuta, zirkularra bertan behera geldituko litzateke.
Izan ere, dokumentu administratibo bat da zirkularra, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren meneko erakundeek izan behar dituzten irizpideak finkatzen dituena. Hortaz, ez du Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren balio juridiko bera. Inork Frantziako Estatu Kontseiluaren aitzinean auzitan jarriko balu, maiatzeko ebazpena kontuan hartuta, zirkularra bertan behera geldituko litzateke. Frantziako Konstituzioa aldatzeko eskatu dute ahots anitzek azken hilabeteetan; bataila horri ekin beharko diote eragileek eta hautetsiek ondoko hilabeteetan.
Kataluniako eredua zalantzan jarri du Espainiak
Hain zuzen ere, auzitegien erabakien ondorioz dago zalantzan murgiltze eredua Katalunian. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak iaz eman zuen epaiaren aurka Kataluniako Generalitateak jarritako helegitea. Beraz, epaia irmoa da orain, eta Generalitateak bermatu egin beharko du epai hark agindutakoa: irakastorduen %25 gaztelaniaz izatea.
Kataluniako murgiltze ereduaren alde, milaka pertsona bildu ziren abenduaren 18ko manifestazioan, Bartzelonan. Som Escola plataformak deitu zuen protestara, eta katalanezko eskolak duen «herri kontsentsua blindatzeko» eskatu zien erakundeei.
Pere Aragones presidenteak erasotzat hartu du epaia, eta Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez Cambrayk irakasleei eskatu die haien lana ez aldatzeko.
Bi hilabete ditu Generalitateak sententzia gauzatzeko; ez balu hala egingo, Espainiako Gobernuak eska lezake.
Jatorrizko artikuluak
-
Frantziako Hezkuntza Ministerioak arautu du murgiltze irakaskuntza
Ekhi Erremundegi Beloki |
|
-
UHOLDE BERDE BAT KATALANAREN ALDE
Maite Asensio Lozano |
|
-
Murgiltze ereduaren kontra jo du Frantziako Konstituzio Kontseiluak
Ekhi Erremundegi Beloki |
|
-
Kataluniako murgiltze eredua amaitu du Espainiako Gorenak
Ander Perez Zala |
|